jueves, 24 de noviembre de 2011

Armani Hotel berria Milanen



Dotorea, bera bezalakoa. Armanik hotel berria ireki du Milanen, Via Manzoni 31 zenbakian. Bizi-estilo bat markatzen du, behintzat hori nahi izan du Armanik hotel horrekin, bere ikuspuntu estetiko pertsonala giro zehatz batetara zuzendu, betiere erosotasuna kontuan izanik.

Emaar Propertiesekin egindako kolaborazioa da, aldez aurretik 1937.urtean Enrico A. Griffinik diseinatutako jauregia.

Harrizko fatxada ederra, apaingarri gutxirekin eta goikaldean estruktura modernoa baina xumea erantsita; Armaniren "A" itxura hartzen du hotelak. Nahita edo ez.



                                        
Luxuzko 95 gela ditu hotelak, diseinuari eta zerbitzuari garrantzi handia emanez. Lasaitasuna eta edertasuna ere azpimarratu nahi izan dituzte hotelaren egiturarekin eta diseinuarekin.

Eta hori gutxi balitz departamentu berezi bat sortu dute, Bizi-Estiloaren Departamentua. Zerbitzu horretako gerenteek bezeroen beharrizan eta eskaera guztiak beteko dituzte. Heldu bezain pronto, zazpigarren solairura zuzentzen dituzte bezeroak, jatetxea, taberna eta egongela dauden gunera, besteak beste.
Bestalde, zortzigarren solairua erlaxazio eta edertasun gunea da, hainbat tratamendu eta terapia eskaintzen dituena.

Logelek 45 eta 200 metro karratu bitartean dituzte, erosotasuna, intimitatea eta luxua nabarmenduz. Horregatik, gela bakoitzera sartu orduko atondo bat dago intimitate hori gordetzeko. Ohe eta komun erosoak, hormetako pintura naturalak...eta altzari guztiak Armani/Casa etxekoak dira.

lunes, 14 de noviembre de 2011

Egurrezko zapatak, negurako azken tendentzia

Orain arte, egurrezko zapatak udako oinetako bezala ikusten bagenituen, oraingo neguan azken modara joan nahi badugu funtsezko osagarri izango dira gure armairuan. Oso modan jarri dira 2011-12 udazken-negu denboraldirako, are gehiago, DrMarteens markarekin batera David Delfín diseinatzaileak diseinaturiko zapata eta botak ikusten baditugu. Diseinatzaileak oinetakoari egur itxura ematen dion materiala erabiliz, eta marteens diseinu klasikoa mantendurik, omenaldi berezia egin nahi izan dio Dr Marteens marka ospetsuari, hain zuzen, David Delfín bera markaren jarraitzaile leiala izan da beti.
Interesaturik bazaudete, salgai dituzue diseinatzailearen web orrialdean; 140 eurotan daude zapatak eta 160 eurotan botak.

miércoles, 9 de noviembre de 2011

Sic Gloriaren eskulana

Lea D. diseinatzaile grafikoak eta Drew Seskunas arkitektuak sortutako enpresa da Sic Gloria. Eskuz egindako hainbat osagarri eskaintzen dituzte, besteak beste, betaurrekoentzako larruz egindako osagarri dotoreak, guztiz artesanalak eta naturalak, kafe,kanela eta krema bezalako lur-koloreetakoak eta urre grabatuak bezalako detaileekin. Edizio mugatuko eskulanak dira, pertsonalki asko gustatzen zaizkit.
Sic Gloria izena latineko Sic transit Gloria mundi esaldian inspiraturik sortzaileek ateratako izen berezia da, beraien lana berezia den moduan. Beraz, berezia dena gustuko baduzue, horra hor osagarri bikaina:





lunes, 7 de noviembre de 2011

Kolaborazioa: Apolo eta Loreak Mendian



Giro bikaina izan zen asteburuan Loreak Mendian euskal moda markak Bartzelonan Duc kaleko 9.zenbakian duen dendan, hain zuzen, hiriburu katalaneko Apolo musika salarekin egindako kolaborazioaren aurkezpena izan zen. Taza, kamiseta, sudadera eta laminaz osatutako Merchandising lehen edizio mugatua atera dute; oraingoan diseinuaz Loreak Mendian enkargatu da, eta ondoren sei hilabetero, artista ezberdin batek diseinatutako edizio mugatua salgai izango dute.




Nola ez, ja!studio-ren eskutik, bereziki egindako erakusleihoa ikusteko aukera duzue Duc kaleko Loreak Mendian bisitatuz gero, eta hauetako edozein produktu edota pieza erosteko aukera ere.

Jai ederra izan zen, hainbat jende bilduz; Loreak Mendian moda dendan hasi disc-jockey eta guzti, eta Apolo salak irekitzear duen jatetxean afaldu ostean, Apolo diskotekan bukatu zen festa. Beraz, musika ona eta garagardoa ez ziren faltan izan, beti modari lagun eginez.




Boge bloga

Euskal Boge moda bloga aurkezten dizuet. Hain zuzen, moda munduak duen garrantzia eta arrakasta kontuan hartuta, eta baita, modaz hitz egiten duten web orrialde gehienak euskara ez den beste hainbat hizkuntzatan adierazten direla kontuan hartuta, Boge euskarazko moda bloga sortu dut. Horrela, uste dudan hutsune hori bete ahalko da eta euskaldunek ere beraien moda bloga izango dute, beraien erreferentzia bloga. Batez ere moda eta tendentziak gustuko dutenentzat, ni bezala moda maite dutenentzat eta ez bakarrik euskaldunentzat, baizik eta moda jarraitzen duen edonorentzat zuzenduta joango da.
Bogek modaz aparte, diseinua eta arkitektura ere landuko ditu nola ez modari lotuta dauden bi disziplina garrantzitsu.
Azken batean, blog interesgarri eta entretenigarri bat egitea espero dut, guztion gustukoa.

Eskerrik asko!  :)